Erreportajea
Zer gertatzen da gure komertzioarekin?
Errotan komertzio txikia gainbehera dator. Datuak hor daude, azken 8 urtetan 320 dendak itxi dituzte pertsianak, eta asko dira itxita dauden lokalak. Arazo sakonak daude egoera honen atzean, baina zer egiten dute gure instiuzioek? Zer diote dendariek? Zer diogu bertako biztanleok?
2025.03.21

ERROTA ZAHARRA
Gure auzoko merkataritzaren egoera eztabaidarako eta kezkarako gai etengabea da Errotako jendearentzat. Egoera ez da gutxiagorako. 8 urte pasatxoan 320 denda baino gehiagok jaitsi dute pertsiana, eta gaur egun 250 lokal baino gehiago daude itxita. Badira zonalde batzuk, esaterako, Badaia, Zaldiaran plaza (non komertzio gehiago dauden itxiak irekiak baino), Gurutze Zuria, Eulogio Serdan, Arriagako Ataria edo Aldabe, itxura negargarria dutenak. Esaten ari garenaren erakusgarri gisa, irailean, Domingo Beltran kalean, Ziudadela plazaren kantoian, Ambigúren ondoan, Errotako gozoki, aldizkari, egunkari eta jostailu denda ospetsua itxi zuten, duela 50 urte baino gehiagotik asteko 7 egunetan irekitzen zuena, eta bizilagunei beren umezaroa nostalgia apur batekin gogorarazten ziena, jasotzen zuten “paga” bertan gastatzen baitzuten. Eta ez dirudi Udalaren biziberritze plan estrategikoak egoera honi aurre egiteko neurri zehatzik jasotzen duenik. Plan Estrategikoaren xedea da sektore publikoak eta pribatuak amankomunean dituzten estrategiak harilkatzea, merkataritza eta ostalaritzaren egitura sendotzea, hurbileko kontsumoa egoiliarrentzat erreferente gisa kokatuz, eta bere merkatu eremuaren erakargarritasuna berreskuratzea. Baina zer planteatzen du Errotan? Auzoan arazo nabarmenak daude, hala nola margoketez beteriko horma ugari, egoera tamalgarrian dauden lokal itxietako fatxada zikinak, eta bizikidetza eta delinkuentzia arazoak, egon badaudenak eta asko, nahiz eta prentsa jakin batek eta posizio politiko jakin batzuek zabaltzen dutena baino gutxiago: Koroatzea 7. auzoa da hiriko delituen eskalan. Era berean, argi dago, oro har, saltoki txikiek egiturazko arazoei egin behar dietela aurre, hala nola salgune handien konpetentzia itzela zein egungo gizartean ematen diren kontsumo ohituren eta negozio ereduen aldaketak. Baina, ba al dago konponbiderik? Proposamenik badago? Batzuek auzoaren aldeko apustu irmoa egiten dute, berrikuntzak eginez, irudimenarekin jolastuz. Duela gutxi, Gasteiz Luzek lokal berri bat estreinatu zuen Domingo Beltranen: berritu ala hil. Argiztapenarekin lotutako guztia eskaintzen dute, saltoki handietan edo argiketarien zerbitzuetan ez dagoena barne. Gorbeiako Merkatarien Elkarteak egiturazko laguntzak proposatzen ditu, hala nola, belaunaldi erreleborako lankidetza estrategia bat, egonkortasuna lortzera bideratutako laguntzak (dendak ireki eta ixten dira oso erraz), sektorearekin modu aktiboago eta zuzenagoan jardutea (askotan, merkatarien pertzepzio berdina ez duten teknikarien esku daude estrategiak) eta abar, baina ikuspegi positiboak ere aipatzen dituzte, merkatarien antolakuntza bezala, ia hilero egiten diren jarduerak ahaztu gabe.
Errotan aldizkariak auzoko hainbat merkatari elkarrizketatu ditu guzti honen inguruan pentsatzen dutena jasotzeko:
Pope eta Pili, Andagoia tabernako barran, Eulogio Serdán 22.
Bodegon Andagoiako Pili Mendoza
Andagoia tabernako Pili eta Pope, “bizitza osokoak” direla esaten den ostalari horietatik geratzen diren apurrenetarikoak dira. Orain erretiroa hartzear daudela, negozioa alokatuz edo salduz, haiekin hitz egin nahi izan dugu. Eta Pilirekin aritu gara berriketan.
Nola ikusten duzu auzoko merkataritza?
Gu tabernarekin hasi ginen (lehenengo alokairuan eta gero erostea lortu genuen) krisi betean. Auzoan urte onak izan ditugu, eta gure sektorean hainbat taberna zeuden jite berekoak edo, baina pixkanaka dena gainbehera joan da, tabernak ixten edo giroz aldatzen, saltokiak pertsiana jeisten. Auzoaren gainbehera komertziala ikusi dugu… eskerrak kanpoko jendea etorri den eta negozioak ireki dituzten, bestela auzoa hilda egongo litzateke.
Zergatik uste duzu gertatu dela?
Ba faktore asko daude tartean, baina badago kontu bat kalte handia egiten diguna auzoko merkatarioi. Egun bat bai eta hurrengoan ere, gure auzoa gatazkekin lotzen da, segurtasun ezarekin. Oso modu interesatuan, arazoak puztu egiten dira, Errotaren irudi oso txarra emanez. Gure auzoak beti hartu ditu etorkinak, lehen Andaluziakoak, Extremadurakoak edo beste nonbaitekoak ziren, eta orain jatorria edo etortzen den jendearen erlijioa desberdina izan daiteke, baina hori ez da berez arazo bat auzo atsegin eta erakargarri bat egin dezagun…. Jende horietako askok auzoan lan egiten du, auzoan bizi eta kontsumitzen du… Bestalde, udaletxean ere denbora daramagu kexatzen, auzoaren aurpegia zaindu dezan. Izan ere, lokal asko itxita daude, eta asko erabat abandonatuta daude, oso irudi txarra emanez.
Zer proposatuko zenuke auzoko merkataritza sustatzeko?
Laguntzak egon beharko lirateke. Guk ez dugu inoiz laguntzarik jaso, baina egon beharko ziren, jendea kontratatzeko, alokairuak edo negozioetarako erosketak errazteko, etab.
Alegria Burdindegiaren aurrealdea, Domingo Beltran 25.
Conchi, Alegria Burdindegia
Errotako edozein bizilaguni galdetuz gero auzoko ze merkatari elkarrizketatu beharko litzatekeen, zaila da Alegria burdindegia ez aipatzea, zalantzarik gabe saltoki tradizional ezagunenetako bat. Conchi, bertako arduradunarekin, hitz egin dugu eta, laburbilduz, hau da esan diguna.
Nola sortu zen Alegria burdindegia?
61. urtean, auzoa eraikitzen hasi zirenean, Balmasedan altzari-fabrika bat zuten nire aitaginarreben gurasoek ireki zuten lokal hau altzarien salmenta indartzeko. Merkatuaren eskakizunengatik, eta baita aitona handik gutxira hil zelako ere, berrasmatzen joan behar izan zen, burdindegia bihurtu arte, zeina une hobeekin edo txarragoekin orainarte nahiko ondo funtzionatu duen. Gutxienez duela 30 urte baino gehiagotik, orduan hartu bainuen nik dendaren ardura eta hobeto ezagutzen dut.
Nolakoak ziren dendak lehen?
Asko aldatu dira. Hasteko, merkatarien artean lotura handia zegoen, ez zen zerbait formala baina lotura handia genuen, elkarri laguntzen genion, orain, harreman pertsonal batzuk beti dauden arren, bakoitza berera doa… Eta, egia esan, garrantzitsua da planteatzen diren ekimenetan parte hartzea, ni behintzat ahal dudan guztietan parte hartzen saiatzen naiz.
Zeintzuk dira Errotako merkataritzaren arazoak eta konponbideak?
Hasteko, auzoari buruz ematen duten irudia: auzo gatazkatsua, segurtasunik gabea, etab. Prentsan asko errepikatzen da, eta ez da errealitatera egokitzen, erabat puztuta dago, eta min handia egiten digu. Bestalde, lokal okupatuak daude, etab., eta horiekin amaitu behar da.
Eta funtzionatzen duten ekimenak bultzatzen jarraitu behar da, hala nola Opari Txartelarena, egitasmo batzuk bikain funtzionatzen dute… Eta, gainera, auzoan bizitza egotea bultzatu behar da, Olentzero bezalako ekimenak, eta elkartetik bultzatzen dituzuen beste batzuk oso positiboak dira. Eta egin litezkeen beste batzuk, hala nola lan merkatuaren espazioa zabaltzea, etab.
Hannek Simon de Anda kaleko «Alhambra» harategian egiten du lan.
Hanne (Alambra Harategia)
Auzoko merkatarien iritzia jaso nahi izateak, kanpotik etorritako merkatariekin hitz egitea eskatzen du nahitaez, izan ere, badaude, eta oso ehuneko handian gainera. Hala ere, asko kostatu zaigu testigantza bat lortzea. Hiruk baino gehiagok gonbidapenari uko egin diote, eta azkenean Alhambra harategiak erantzutea lortu dugu, nahiz eta arreta piztu digun baliatu duen zuhurtasunak eta defentsarako jarrerak.
Hanne du izena, eta Marokotik etorri zen duela 18 urte, Abetxukon bizi da eta Simon de Andako Alhambra harategian egiten du lan. Ez da harategiko nagusia, baina haren esku utzi dute erantzuteko ardura.
Marokoko bere lurraldean harategiko lan batzuk egiten zituen, eta, beraz, nolabaiteko trebezia bazuen. Lanarekin eta lanera etorri zen Euskal Herrira, dagoeneko hemen zeuden lagunen laguntzarekin. Lehenengo Tuteran egon zen eta gero Iruñean, Gasteizen amaitu zuen arte, Errota-Koroatzean kasualitatez. Arabiar komunitateko saltoki gehienak harategiak, ile-apaindegiak eta fruta-dendak direla onartzen du. Goizeko 9etatik gaueko 9etara lan egiten dute eta ez dute asteko egunik ixten. Zer arazo dituzten galdetuta, bat bera ere ez duela esan du. Eta hobekuntzarik ere ez du eskatzen.