Albisteak

Lasterketaren aurkezpena: Atera berotzeko maiatzaren 27tik ekainaren 1era egingo diren auzoko jaiak

Apunta zaitez datorren maiatzaren 25ean egingo den ERROTA ANITZA herri lasterketara, absolutuentzat eta beteranoentzat, 11:30etatik aurrera Aldabe kaletik abiatuko dena.

2025.05.07
2025eko lasterketaren aurkezpena.
Errota zaharra elkartea

Parte-hartzaileek Kirolak, Gaikar edo kirolprobak.com webgunean eman beharko dute izena, 10€ ordainduta, edota egun berean bertan 15€ ordainduz. Partaideek Gasteiz Hiria probako kamiseta tekniko bana izango dute opari gisa eta zozketa ugaritan parte hartu ahal izango dute, besteak beste, Eroskiren produktu-sorta bat eta bi lagunentzako afariak banatuko direlarik. Halaber, lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek Eusko label produktu sorta bat jasoko dute. Bestalde, Aldabe gizarte etxeak dutxetara doan sartzeko aukera emango die parte-hartzaile guztiei.

2017an zendu zen Roberto Ruiz auzokidea gogoratzeko eta omentzeko baliatuko dugu lasterketa, haren kirol-ibilbide osoa eta auzoko zein hiriko gizarte-mugimenduari emandako laguntza eskuzabala eskertzeko. Era berean, Errota Zaharra auzo elkarteak lehenengo aldiz antolatu duen lasterketa honek beste helburu argia du ere: Errota den bezalakoa agertzea, hau da, kultur anitzak biltzen diren auzoa, elkarbizitza adeitsuan.

Aldez aurretik, maiatzaren 24an, larunbata, ERROTA ANITZA 25 eskola-lasterketa herrikoia egingo da, 2 eta 14 urte bitarteko ikasleentzat. Aldabe plazatik abiatuko da goizeko 11:30ean, eta adinaren araberako distantziak izango ditu, bi txanda ezberdinetan burutuko delarik. Pandemiaren aurretik auzoan egiten zen eta iaz arrakasta handiz (300 ikasle baino gehiago aritu ziren korrikan) berreskuratutako proban aurrekaria du aurten egingo dugun lasterketak. Honakoan baina, 500 parte-hartzaile baino gehiago izatea espero da, zeintzuek hiriko eskoletan izena eman beharko duten, horretarako ikastetxeen laguntza izango dugularik.

Parte-hartzaileek opari bat jasoko dute proban aritzeagatik, eta gainera zozketa garrantzitsuak egingo dira, izena emateko orrian zehazten direnak. Horretaz aparte, ederki pasatzeko aukera ere izango dugu buruhandiekin eta Gargantuarekin, Kutxa kalean, 12:30etik aurrera.

Aurreneko aldiz egingo den lasterketa honek 7.5 kilometroko ibilbidea izango du, eta Errota-Koroatzea eta Erdi Aroko hirigunea zeharkatuko ditu.