Albisteak
Errota eskolak egin du Korrika 2633. kilometroa
Errota eskolak lekukoa eraman du Korrika 2026 edizio honetan, auzoko euskal eskola publikotik auzoan euskara eta etorkizuna aldarrikatuz
2026.03.29
Ostiralean iritsi zen Korrika Gasteizera. Eta Korrika txikian, hezkuntza komunitatearen beroa eta babesa jaso ondoren, lehen aldiz hartu du lekukoa Errota eskolak euskarekiko konpromisoa berretsiz.

Zaldiaran plazan geldituak ziren ordu eta erdi lehenago, guraso,ikasle, irakasle, auzokide, eta lagunak. Barrenak berotu behar hankak berotu aurretik. 21:00ak aldera, Gasteiz etorbideko 83. zenbakira. Kilometrora. Korrika itxoitera.

Ehunka lagun zain. Pankarta zabaldu: Errota eskola publikoa – Auzokoa, euskalduna, anitza -. ETB han. Eskolako zuzendariaren adierazpenak.
Atzerapenarekin dator, baina hurbil da. Nerbioak azalaratzen. Dena pentsatua dago. Lekukoa bi gurasok emango dute. Haien atzetik eta korrikaren pankartaren aurretik eskolako zuzendaritza.

Udaltzaingoek ematen dute datorrenaren lehen abixua, txirrindulari mordoa datoz, Korrikaren furgoneta, eta haien atzetik, Txile kaletik barrena lekukoa daramaten Laboral Kutxako langileak eta Gasteizko garbitzaileak, jende andana lagun dutelarik. Haien eskutik jasotzen dute lekukoa Azizak eta Ladyk, Errota eskolako gurasoek. Nahiko nahasia izan da esku aldaketa, ez zaio lan erraza jarri, unea jasotzeko asmoz zegoen argazkilariari. Baina berehala hartzen du Korrikak bere ohiko irudia. Dotore ordezkatzen dute eskola Azizak eta Ladyk, eta Korrikako speakerrak ederki janzten du tartea. “Zuek zarete euskara, zuek etorkizuna, auzoko eskola, gora errota eskola, gora Errota anitza, gora euskal eskola publikoa, tipi-tapa, tipi-tapa Korrika”. 4 minutu ostean Xirimiri elkarteari pasatzen diote lekukoa. Atzean eskola berri honen irudi historikoak Askatasuna, eta Kermanentzako justizia eskatzen duten aldarriak lagun dutela.
“Zuek zarete euskara, zuek etorkizuna, auzoko eskola, gora errota eskola, gora Errota anitza, gora euskal eskola publikoa, tipi-tapa, tipi-tapa Korrika”



